Kontratu Errekurtsoen Foru Organo Administratiboa
Sorkuntza eta izaera
Kontratu Errekurtsoen Foru Organo Administratiboa kide anitzeko organo espezializatua da, bere eskumenak erabiltzean objektibotasunarekin, inpartzialtasunarekin eta erabateko independentzia funtzionalarekin diharduena. Organo hori Diputatu Nagusiaren Sailari atxikita dago, baina ez dago haren egitura hierarkikoaren barruan.
Diputatuen Kontseiluaren irailaren 28ko 44/2010 Foru Dekretuak Kontratu Errekurtsoen Foru Organo Administratiboaren sorkuntza onartu zuen. Horrela, bete egin zuen abuztuaren 5eko 34/2010 Legeak xedatutakoa, zeinak aldatu egin zituen urriaren 30eko 30/2007 Legea, sektore publikoko kontratuena, urriaren 30eko 31/2007 Legea, ur, energia, garraiobide eta posta zerbitzuen sektoreetako kontratazio prozedurei buruzkoa, eta uztailaren 13ko 29/1998 Legea, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duena; izan ere, 34/2010 Legeak 311. artikulua gehitu zion aldatutako lege horietako lehenengoari. Artikulu horretan ezarritakoaren arabera, 310. artikuluan araututako kontratazio arloko errekurtso berezia administrazio organo independente batek ebatzi behar du, eta bertako kideek kualifikazio juridiko eta profesional egokia eduki behar dute ebazpen zuzenak emateko.
Kideak
Kontratu Errekurtsoen Foru Organo Administratiboan kide hauek ari dira: organoburua eta bi kide.
Kontratu Errekurtsoen Foru Organo Administratiboko burua Arabako Foru Aldundiko karrerako funtzionarioa izan behar da, A Taldeko kidego edo eskala batekoa, zerbitzu aktiboan egon behar da eta hamabi urtetik gorako lanbide esperientzia eduki behar du, ahal dela Zuzenbide Administratiboaren esparruan eta kontratazio publikoari lotuta.
- Kargu honetan ari denak atxikita dagoen lanpostuan ere jardun ahal izango du.
- Foru Gobernu Kontseiluak izendatuko du foru erabaki baten bitartez, Diputatu Nagusiak proposatu ondoren. Agintaldia sei urtekoa izango da eta behin bakarrik luzatu ahal izango da.
Organoko kideak Arabako Foru Aldundiko karrerako funtzionarioak izan behar dira, A Taldeko kidego edo eskala batekoak, zerbitzu aktiboan egon behar dira eta zortzi urtetik gorako lanbide esperientzia eduki behar dute, ahal dela Zuzenbide Administratiboaren esparruan eta kontratazio publikoari lotuta.
- Kargu hauetan ari direnek ere atxikita dauden lanpostuetan jardun ahal izango dute.
- Foru Gobernu Kontseiluak izendatuko ditu foru erabaki baten bitartez, Diputatu Nagusiak proposatu ondoren. Agintaldia sei urtekoa izango da eta behin bakarrik luzatu ahal izango da.
- Organoan idazkaria ari da; kideetako bat da eta Organoak izendatu du erabaki baten bidez. Idazkaria Organoko eskubide osoko kidea da; beraz, botoa emateko eskubidea dauka.
- Organoa hiru urtez behin berritzen da; aldi bakoitzean kide bat ordezten da.
Jarduera eremu objektiboa
Arabako Foru Aldundiko Kontratu Errekurtsoen Foru Organo Administratiboak eskumen hauek dauzka:
-
Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean (gaur egun, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina; hemendik aurrera SPKLTB) aipatzen diren kontratazioaren inguruko errekurtso bereziak eta deuseztasun auziak ebaztea.
-
Uraren, energiaren, garraioaren eta posta zerbitzuen sektoreetako kontratazio prozedurei buruzko urriaren 30eko 31/2007 Legean aipatzen diren adjudikazio prozeduretako erreklamazioak eta deuseztasun auziak ebaztea.
-
Aurreko idatz zatietan aipatzen diren errekurtsoak, erreklamazioak eta deuseztasun auziak aurkeztu baino lehen legitimatutako pertsonek eskatzen dituzten behin-behineko neurrien eta kautelazko neurrien gaineko erabakiak hartzea.
Jarduera eremu subjektiboa
Foru Gobernu Kontseiluaren irailaren 28ko 44/2010 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera hauexek dira Kontratu Errekurtsoen Foru Organo Administratiboaren egitekoak: Arabako Foru Aldundia edo beraren menpeko edo berari lotutako organoak, batez ere foru erakunde autonomoak eta foru sozietate publikoak, eta beraien kontrolpeko botere esleitzaileak parte diren kontratu publikoen inguruko errekurtsoak aztertzea eta ebaztea.
Gainera, beraren eskumeneko izango dira aurreko idatz zatian aipatutako organoek ematen dituzten erregulazio bateratuari lotutako kontratu dirulaguntzadunen inguruko errekurtsoak (kontratu horiek urriaren 30eko 30/2007 Legeko 17. artikuluan aipatzen dira; gaur egun SPKLTB). Beste administrazio publiko batzuekin batera emanez gero, errekurtsoak Kontratu Errekurtsoen Foru Organo Administratiboaren eskumenekoak izango dira organo horiek emandako zenbatekoa denetan handiena bada, eta besteen bestekoa bada, errekurtsogileak errekurtsoa berari aurkeztea erabakitzen badu (honelakoetan Organoa izan behar da eskuduna aurreko erregelen arabera).